Partaidetzazko aurrekontuek 95 proiektu zehatz proposatzen dituzte herritarrek aukeratzeko - Barakaldoko Euzko Alderdi Jeltzalea

Barakaldoko EAJ Barakaldoko EAJ


Hasiera > Albisteak > Partaidetzazko aurrekontuek 95 proiektu zehatz proposatzen dituzte herritarrek aukeratzeko

Partaidetzazko aurrekontuek 95 proiektu zehatz proposatzen dituzte herritarrek aukeratzeko

2018/05/15


Iritsi da botoa emateko eguna. Barakaldoko bigarren partaidetzazko aurrekontuetarako aurkeztutako herritarren proposamenei buruz teknikariek azterketa lan zaila egin ondoren, iritsi da herritarrek gogokoen dituzten ekimenen aldeko botoa emateko eguna. Barakaldoko Udalak datorren astelehenean, maiatzak 21, zabalduko du herritarrek proposatutako 95 proposamen zehatzei botoa emateko epea.

Herritarrek 787 inprimaki aurkeztu zituzten proposamenak egiteko fasean. Teknikariek proposamenak aztertu ondoren, guztira 1.450 asmo lortu zituzten, inprimaki batzuetan proposamen bat baino gehiago agertzen baitzen. “Lehenengo eta behin, eskerrak eman nahi dizkiegu barakaldarrei proposamenak aurkezteko egindako ahaleginagatik, bai eta partaidetzazko proiektu honetan jarritako konfiantzagatik ere, guk uste baino askoz ere parte-hartze handiagoa egon baita” azaldu du Barakaldoko alkate Amaia del Campok.


Herritarrek egindako proposamen bakoitzari buruzko azterketa lana burutzeko, teknikariek txostenak egin behar izan dituzte, teknikoki bideragarriak diren ikusteko, bai eta baliozkotzat hartzeko ezarritako baldintzak betetzen dituzten ere. Gauzak horrela, azken hilabeteotan honako ekimen hauen inguruan jardun dugu:


• 407 proposamen onartu dira, udal webgunean (www.barakaldo.org) argitaratutako oinarri arautzaileek ezarritako betekizun guztiak betetzen dituztelako.

• 378 proposamen iradokizun gisa hartu dira:
o 56 proposamenek urteko gehieneko aurrekontuaren % 35 gainditu dutelako (385.000 euro).
o 32 proposamen, xedea zehaztu gabeko proposamen orokorrak direlako.
o 290 proposamen teknikoki bideragarriak izan arren, teknikariak beharrizana betetzeko egokiagoak diren beste irtenbide tekniko batzuen berri eman duelako.
• 634 proposamen “ez onartuak” izan dira:
o 52 proposamen beste administrazio publiko edo erakundeen eskumenekoak direlako, eta ez udalarenak.
o 118 proposamenen zenbatekoak hurrengo urteetako gastua lotzen duelako.
o 185 proposamen teknikoki bideraezinak direlako.
o 269 proposamen, gaur egun, Udalak dagoeneko plangintza egina duelako edo gauzatze fasean daudelako.
o 9 proposamen, diru-sarrera publikoei eragiten dietelako.
o Proposamen 1 ez delako interes orokorrekoa.

Onartutako proposamenak `Barakaldon asmoak betetzen´ programaren lan-ardatzetan multzokatu dira xedearen eta gaiaren arabera: gazteria, merkataritza, kaleetako obrak, adinekoak, kirol azpiegituretako hobekuntzak... Lan horren ondorioz, 95 proiektu zehatz lortu dira, eta orain, barakaldarrek gogokoenaren aldeko botoa eman beharko dute. Bozketan ateratzen diren proposamenak 2018-2019 urteetan egingo dira 2,2 milioi euroko diru-partidarekin.


PROIEKTU ZEHATZAK ETA ZENBATEKOA


Aurten, lehenengo urtearekin alderatuz, berrituta agertzen da inprimakia: proiektuen adierazpenak zehatzagoak dira eta teknikarien iritziak kontuan hartuta, ekimen bakoitzari zenbatekoa ere jarri zaio. “Iazko esperientziak hobe daitezkeen alderdiak ikusteko balio izan digu. Orain, bigarren urte honetan, hobekuntzak egin eta herritarrei informazio gehiago ematen diegu” adierazi du alkateak proiektuaren erabateko gardentasuna azpimarratuz. “Gainera, partaidetzazko aurrekontuetan proposamenak aurkeztu zituztenek Udaleko web orrian izango duten dokumentuan ikusi ahal izango dute proposamenak izan duen ibilbidea, bai eta onartua izan den ala ez, eta arrazoiak ere” adierazi du.


Bozkatzeko epea maiatzaren 21etik ekainaren 3ra bitartekoa izango da, eta bi eratara eman daiteke botoa, aurrez aurre edo Udaleko web orriaren bitartez. Aurrez aurre bozkatzeko inprimakiak eta boto-ontziak ere honako leku hauetan jarriko dira:


• Herritarrentzako arreta bulegoetan (HAZ): Clara Campoamor Zentro Zibikoan, Gurutzetako Zentro Zibikoan eta Herriko Plazan.
• Retuertoko Kultur Etxean
• Zuhatzuko Kultur Etxean
• Burtzeñako ludotekan
• Lutxanako Bituritxa zentroan
• Lasesarreko kiroldegian
• Errekatxoko CIHMA zentroan
• Kastrexanako plazan

On line egitea erabakiz gero, Udaleko web orriaren (www.barakaldo.org) bitartez egin daiteke inprimakian boto-emailearen NANa eta izen-abizenak adieraziz. “Oso garrantzitsua da datu guztiak ematea, bai aurrez aurreko inprimakietan, bai on line inprimakietan, pertsona batek boto bakarra eman dezan ziurtatu nahi dugulako” adierazi du Alkatetza eta Herritarren Parte-hartze Arloko zinegotzi Gorka Zubiaurrek. Botoa emateko, Barakaldon erroldatuta egotea eta 16 urtetik gorakoa izatea baino ez da behar. “Oso garrantzitsua da ardatz bakoitzeko proposamen bat aukeratzea, bestela, inprimakiak ez du baliorik izango” zehaztu du zinegotziak.


HERRITARREN ZALANTZAK ARGITZEKO KARPAK


Aurreko urtean bezala, partaidetzazko aurrekontuen proiektuak auzoetan izango dira herritarren zalantzak argitzeko. “Ekimen honek xede du Barakaldoko auzo guztietan azaltzea, herritarrek proposamen zehatzei buruzko informazioa jaso, eta botoa eman dezaten” argitu du Zubiaurrek. Hona hemen karpa non eta noiz egongo den:


-Astelehena, maiatzak 21 - Gurutzeta, ospitalearen ondoan, 11:00-14:00 eta 16:00-19:00.
-Asteartea, maiatzak 22 – Bagatza Santa Teresa, 11:00-14:00.
-Asteartea, maiatzak 22 – Burtzeña, 16:00-19:00.
-Asteazkena, maiatzak 23 – Bide Onera, 11:00-14:00 eta 16:00-19:00.
-Osteguna, maiatzak 24 – Zuhatzu Arteagabeitia, 11:00-14:00.
-Osteguna, maiatzak 24 – Lutxana, 16:00-19:00.
-Ostirala, maiatzak 25 – San Bizente, 11:00-14:00.
-Astelehena, maiatzak 28 – Arrontegi, 11:00-14:00.
-Astelehena, maiatzak 28 - Retuerto, 16:00-19:00.


“Partaidetzazko aurrekontuak garatzen diharduen teknikari taldeak lan handia egin du azken hilabeteotan, eta eskerrak eman nahi dizkiet partaide guztiei egindako lanagatik eta barakaldarrek erabakia hartzeko orduan, dokumentu argia eta zehatza izango dutelako teknikarien lanari esker” zehaztu du Del Campok. “Bigarren urte honetan, 2018an eta 2019an gauzatzeko proiektuak aukeratuko dira, eta urte bakoitzean, 1,1 milioi euroko gehienezko aurrekontua edukiko dugu. Beraz, iritsi da kalera irten, eta Barakaldo hobetzeko gure gustuko proiektuen aldeko botoa emateko eguna”.

Partekatu:
Twitter Facebook