Datorren 2019 urtean inauguratuko du Retuertok osasun etxea - Barakaldoko Euzko Alderdi Jeltzalea

Barakaldoko EAJ Barakaldoko EAJ


Hasiera > Albisteak > Datorren 2019 urtean inauguratuko du Retuertok osasun etxea

Datorren 2019 urtean inauguratuko du Retuertok osasun etxea

2018/05/25


Urrats handia egin du gaur Barakaldok Retuertoko Osasun Etxea zabaldu ahal izateko. Auzo barakaldarreko mediku zentroaren lokalaren lagapena formalizatu dute sinaduraren bidez alkate Amaia del Campok eta Eusko Jaurlaritzako Ondareko zuzendari David Álvarez Martínezek. Eskaera aspaldidanikoa da, eta datorren 2019ko urtean errealitate bihurtuko da, instalazioak zabaltzean.

Behin baino gehiagotan adierazi dio Barakaldoko alkateak Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari zein garrantzitsua den Retuerton osasun etxe bat zabaltzea, Gurutzetaraino - zehazki Bakeako anbulatorioraino - joan behar izaten baitute hango auzokoek zerbitzua baliatu behar dutenean. Proiektua zehaztu eta ekimenari aurrekontua atxiki ostean egin ahal izan da lagapena.


Aurki kontratatuko dira egokitze lanak, Eusko Jaurlaritzaren ardurapekoak direnak. Retuertoko osasun etxea Babes Ofizialeko Etxebizitzen etxabean dago kokatua, San Inazioko aldean. Bi solairutan banatutako 450 metro dauzka lokalak.


5.500 barakaldarri emango dio zerbitzua. “Zalantzarik gabe, oso berri ona da hau, barakaldarren bizi kalitatea hobetuko baitu, eta hori da, hain zuzen ere, gobernu taldearen eginbeharraren ardatzetako bat: auzo barakaldarrak behar dituzten zerbitzuz hornitzea hiria modernoagoa, atseginagoa eta erosoagoa izan dadin” esan du alkateak.

 

Partekatu:
Twitter Facebook