Santiago Bideko zigilu propioa estreinatu du Barakaldok - Barakaldoko Euzko Alderdi Jeltzalea

Barakaldoko EAJ Barakaldoko EAJ


Hasiera > Albisteak > Santiago Bideko zigilu propioa estreinatu du Barakaldok

Santiago Bideko zigilu propioa estreinatu du Barakaldok

2017/06/22


Gaur bertatik izango du zigilu propioa Barakaldok, eta hiritik igarotzen diren Santiago Bideko erromesen egiaztagirietan agertuko da. Joan den ekainaren 5ean ateak zabaldu zituen aterpetxeak, eta, Gorostitzako kiroldegiko lokaletan egokitutako instalazioetan lo egiten duten erromesei Udalak diseinatutako zigilua jarriko diete egiaztagirietan.


Gaur goizean aurkeztu du Alkatetza eta Herritarren Parte-hartze Arloko zinegotzi Gorka Zubiaurrek zigilua, erromesen aterpetxean. Barakaldoren K logo ezaguna ageri da irudian, kapeladun erromes bihurtua, makulu eta guzti. Maskorra ere ez du falta, noski! Udal langileek egin dute diseinua; udal baliabideak erabili dira, beraz. “Horrela, Konpostelara Bidea urtero egiten duten milaka erromesen egiaztagirietan agertuko da Barakaldo. Hori dugu hiria sustatu eta gure mugetatik kanpo ikusgai bihurtzeko beste modu bat” adierazi du Zubiaurrek.


Bizkaiko Santiago Bidearen Lagunen Elkarteak kudeatuko du zabaldu berri den aterpetxea. Elkarte berak kudeatzen du Bilbokoa ere. “Santiago Bideko etapetako bat da Barakaldo, eta, horrenbestez, sustatu beharra dago, bai eta jende asko ezagutzera etor dadin lortu beharra ere, harro egon behar baitugu geure hiriaz eta erromesei eskaintzen dizkien txoko eta zerbitzuez" esan du zinegotziak. Hori dela eta, Turismoko Zerbitzuaren bidez, informazio orriak prestatzen ari da Udala. Bertan, Bilbotik Barakaldorako bidea agertzen duen mapa dator, bai eta hiriko Bideko puntu interesgarriak ere.


Bilbo eta Barakaldoko aterpetxeetan eta erromesek ostatu hartzen duten ostatu eta hoteletan banatuko dira informazio orriak. “Gure instalazioak sustatu nahi ditugu, ezagutarazi eta erromesak ibilbide ofizialera erakarri, erromesetako asko eta asko Zorrotzatik barrena iristen baita Sestaora” esan du zinegotziak.


Era horretara, Santiagora bidean dabiltzan erromesak Deabruaren Zubitik, Erdi Aroko galtzada, Agate Deunaren baseliza eta San Bizente elizan barrena, aterpetxera bideratzen ditu mapak. Horrezaz gainera, zubiaren elezaharrari eta bide ofizialari buruzko azalpenak eskaintzen zaizkie, euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez.


15 EGUN ABIAN

Duela 15 egun zabaldu zituen ateak aterpetxeak. Aspaldidanik zuten egina eskaria UNESCOk 2015ean Gizadiaren Ondare izendatutako Iparreko Bidea sustatu eta mantentzeaz arduratzen direnek. Instalazioek hiru logela, gune komuna, bi komun, ataria, sukaldea eta aterpetxeko jagolearentzako aretoa dauzka, eta, guztira, 65 metro karratu.
Eskualdeko bigarren aterpetxea da geurea, Portugaletekoarekin batera, eta 14 erromesentzako tokia dauka.

 

Partekatu:
Twitter Facebook